Altzatarrok protagonista // Protagonistas de nuestro futuro

Posts tagged ‘herria’

Liburu Ibiltariaren edukia // Contenido del Libro Itinerante

Hona hemen Liburu Ibiltariaren edukia; altzatar guztiok gure herriari buruz jakin eta barneratu beharko genukeena.

ZABALDU ZURE INGURUAN!

Aquí tenéis el contenido del Libro Itinerante; lo que tod@s l@s altzatarras deberíamos saber y asumir sobre la historia de nuestro pueblo.

¡DIFÚNDELO!

Advertisements

Prentsa oharra-Manifestuaren aurkezpena

ALTZATARREN MANIFESTU KOLEKTIBOA AURKEZTU DUTE

Altza herriko udaletxea izandakoan Manifestu Kolektiboa aurkeztu dute, Altza, Bidebieta eta Intxaurrondotik etorritako 150ren bat bizilagunen aurrean.

Unai Elizasu bertsolariak ekitaldiari hasiera eman ondoren, sustatzaileek altzatar guztiei irekitako prozesuaren berri eman diete. Prozesu honen hasiera Manifestua bera da eta bere helburua Altza herri burujabea izan zela eta Donostiak bereganatu zueneko inguruabarra ez ahaztea izango lirateke, eta, geroari begira, altzatarrek bere lurraldean zer gertatu behar den erabakitzeko ahalmena eta protagonismoa behar dutela errebindikatzea.

Idatzian, Donostiako Udalak iraganean Altzan egindako hirigintza kaotikoa salatzeaz gain,  egun dituen planak ere kritikatzen dira, bere Plan Orokorrean Altzan 5.000 etxebizitza berri egitea aurreikusten duelako, horietatik 3.000 Auditz-Akular eremuan, Altzak duen berdegune nagusienean, hain zuzen ere.

Manifestua sinatu ondoren herritarrek hartu dute hitza eta bereziki azpimarratzekoa da edadeko bizilagun batzuk esandakoa. Horien artean bereziki hunkigarria izan da egungo Intxaurrondoko auzokide baten testigantza, Donostiak Altza bereganatu zueneko hartan present egon zelako. Horrenbeste argazkietan ikusitakoa, zinegotziek faxisten keinua eginez agertu zirela egun horrena kontatu duelarik.

Bukatzeko, gogoarazi dute martxoan “altzatarren eguna” ospatuko dela eta bitartean, beste ekitaldi batzuen artean, Manifestua jasotzen duen Liburu Ibiltaria elkarte eta bizilagun desberdinen atxikimendua jasotzeko eskuz esku ibiliko dela, Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Martutenen zehar.

Udaletxetik irtetean Altza Kantuz abesbatzak eskaini du kanta sorta bat eta luncha izan dute partahartzaileek.

ALTZAN, 2010eko azaroaren 21ean

BAZEN BEHIN…

BAZEN BEHIN ALTZA IZENEKO HERRI BAT

Gipuzkoako hiriburuaren ekialdean, Pasaiako portuaren ertzean, bazen XIX. mendean lur eremu zabala hartzen zuen udalerria. Nekazaritzari lotutako giro eta bizimoduan biltzen ziren Altza herriko baserri multzoa eta bertako biztanleak.

XX. mendeko lehen hamarkadetan zehar ere egoera horri eutsi zioten altzatarrek, baina Donostiak Altza eta Pasaia bereganatzeko zuen desioarekin egin zuten topo; Pasaiak portua emango zion Donostiari, eta Altzak hiria zabaltzeko behar zituen lurrak. Hiriburuak 10 eta 20ko hamarkadetan egindako saiakerek herritarren nahiarekin egin zuten topo, ekimen eta galdeketa ezberdinen bitartez argi utzi baitzuten ez zutela hiri handiaren baitan desagertu nahi.

Baina Altzak aldaketa sakonak pairatuko zituen frankismoaren etorrerarekin batera. Udal diru-kutxak pobretu ziren lehenik eta herri gisa desagertu zen gero; azken hori izan zen bere nortasunari egindako erasorik larriena. 1939. urtean, bi udalerrietako zinegotziek, inolako ordezkaritza demokratikorik ez bazuten ere, Altza Donostiari lotzea erabaki zuten, “azken udalerri horren eta nazioaren interesen mende jartzeko”. Horrela, goizetik gauera eraldaldundu zen euskalduna zen herria, eta hiriko auzo marjinatu eta txiroenetakoa izatera pasa zen.

Harrezkero, Altza Donostiako auzoa da edo, hobe esateko, jatorrizko lur haien zati bat baino ez da, izan ere, gaur egungo Bidebieta, Intxaurrondo eta Martutene ere Altza baitziren. Eta Donostiak periferiarekiko egiten duen politikaren ondorioz, kontzentrazioan eta desoreka urbanistikoan oinarritutako politikaren ondorioz, hiriko eremurik populatuenetakoa, desordenatuenetakoa eta azpiegitura gutxien daukanetakoa da Altza. Errealitate horrek jatorrizko altzatarren bizi-kalitatea ez ezik, etxebizitza beharra asetzera hona etorritakoena ere auzitan jarri zuen.

Horregatik, Altza Herri zaharrean bilduta, altzatar guztiok, geure jaioterria dena delakoa, zera adierazi nahi dugu: ez dugu gure etorkizunaren ikusle soil izan nahi. Geure ingurunearen, geure etorkizunaren eta geure seme-alaben etorkizunaren protagonista izan nahi dugu, ardura eta ondorio guztiekin. Neurri gabeko lurren okupazioa, hazkunde ez iraunkorra eta giza eta natur ingurunearen degradazioa geldiarazteko protagonista izan nahi dugu. Altzaren nortasuna eta duintasuna berreskuratzeko protagonista izan nahi dugu.